XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Barrena sartzeak luzeegi eta akaso konprometituegi joko ligukeen arrazoi nahiz gertakariak tarteko direla, bestetik, gure eskasean harro agertu izan gara munduaren aurrean, gure berezitasun hori dela eta (utz dezagun esangabeen zokoan harrotasun horren dignostikoa eta gu horren zehaztapena ere).

Bereziak berezi, hala ere, euskarazko jarduna inguruko erdararen (bi erdara ahaideren) mimetismoz garatu da hein handi batean, ahozkotik idatzira nor izango den hizkuntzak egin beharreko bide guretzat hain oztopotsuan.

Aipura etorri denez, aurrez adieraz dezagun gaztelaniarekiko kontrastea baliatu dugula liburu honetan sistematikoki. Espero dezagun iparraldeko irakurleek horregatik aparteko nekerik ez izatea azalpenak jarraitzeko. Gure jakituria labur eta oharmen hutsegilearen arabera, bi erdaren artean zerbait bereizgarri atzeman dugunetan, hala ere, aipatzen saiatu gara.

Gainerakoan, frantses-elebidun denak berak aise ekar ditzake berera gaztelaniaren inguruko kontuak. (Hori baino munta handiagokoa da, nire iritzian, iparraldeko euskalki eta literatur tradizio bikainari ongi ere merezia baitu, soziologia goiti-beheti zor zaion arreta, eta ez dut uste horretan hobenik handiena nik dudanik, ez lan honetan eta ez bestela ere.)

Zorionez edo zoritxarrez (halako balorazioak ez dagozkit niri), euskarak badu (eta hori gabe ez da euskara) bere egitura diogunez aski berezi eta alde batzuetatik guztiz auzo-erderen antipodikoa.

Hori, bistan denez, (morfo-)sintaxiari dagokio batik bat; bestela, hiztegia- eta gurean hogei urtez behin gertatzen diren garbi-mordoilo iraultza-moda aldakorrak gora-behera aiseago egokituak ditugu, oro har, eta ez baita harritzekoa maila hori moldagarriagoa izatea, bere garrantzi guztiarekin ere puntualagoa baita (aipatu dugu jadanik, hala ere, lexikoak sintaxiarekin duen lotura, eta hori ere izango dugu auzi orriotan).

Halako batean, hala ere, beharrezkoa zaiguke gure sintaxi-bideen berezitasun horren alderdi teknikoak ere ongi bereiztea eta ondorioak ateratzea, eta horretan lagundu nahi luke saio honek.